San Martin-go azkenengo berriak

«Betiko merkatua izaten jarraituko dugu, baina irudia berrituta»

Astelehena, Abendua 4, 2023

Urtarrilean hasiko dira San Martin Merkatua birmoldatzeko lanak. Lau hilabete inguru iraungo dute, eta, tarte horretan, behin-behineko merkatu bat moldatuko da Easo kalearen 12. zenbakian. San Martin Merkatuko zuzendariak esan digu zer neurri ezarriko dituzten erosketak egiteak esperientzia erosoa eta kalitatezkoa izaten jarrai dezan. Birmoldaketaren ondoren San Martin berria nolakoa izango den ere azaldu digu.

- San Martin Merkatuak iragarri du Gabonen ostean Easo kaleko lokal batera lekualdatuko dela behin-behinean, merkatua berritzeko lanak egiten diren bitartean. Zer motatako obrak eta hobekuntzak egingo dira? Merkatuaren udal-emakidak hamabost urtean behin birmoldaketa bat egitera behartzen gaitu. Dagoeneko 18 urte igaro dira, eta berritzeko unea iritsi da. Instalazio orokorretan egingo dira lanak, eta merkatuaren irudia berrituko dute. Hala ere, merkatu tradizional bera izaten jarraituko dugu; gure funtsari eutsiko diogu. Kalitatezko materialak erabiliko ditugu, artisautza-ukituekin, merkatuan saltzen diren tokiko produktuak islatzeko asmoarekin.

- Obrak gogaikarriak izaten dira beti. Nola egingo dio aurre San Martin Merkatuak aldi horri? Ilusio handia egiten digu proiektuak; baina, aldi berean, urduri gaude. Izan ere, logikoa denez, dena ondo ateratzea eta emaitza denontzat ona izatea nahi dugu. Irudia erabat berritutako merkatu berri bat ikusteko gogoa dugu. Postuak ez dira lekuz aldatuko, baina irudia oso bestelakoa izango da. Horri esker, denok noranzko berean arraun egiteko gogoa dugu, laster bueltan izateko eta merkatuan erosteko esperientziaz gozatu ahal izateko.

- Behin-behineko merkatua metro gutxira dago, Easo kalearen 12.ean, bezeroek ia mugitu beharrik izan ez dezaten. Zer aurkituko dute han? Easo kalean, San Martin Merkatua txikiagoa izango da, baina gure bezeroek betiko erosketak egin ahal izango dituzte ohiko postuetan. Merkatu horretan, saltzaileak eta bezeroak hurbilago egongo dira, eta kontaktu estuagoa izango dute. Handizkariek, berriz, zerbitzurik onena eskainiko dute, beti bezala.

- Eskainiko da erosketa-esperientzia erosoa izaten jarraitzeko zerbitzurik? Gure bezeroek erosketak behin-behineko merkatuan egitea nahi dugu, eta berriro etortzea; horregatik, esperientzia ona izan behar dute. Postu bakoitzak bere betiko produktu eta zerbitzuak eskainiko ditu, eta San Martin Merkatuak etxez etxeko zerbitzua jarriko du martxan, erosketak etxera eta San Martingo aparkalekura eramateko, bezeroak poltsez kargatuta joan ez daitezen. Bezeroei laguntzeko langile bereziak ere egongo dira; postuak aurkitzen eta poltsak eramaten lagunduko diete. Gainera, www.sanmartinmerkatue.com online salmentarako plataforma abian egongo da. Horren bidez, bezeroek erosotasunez erosi ahal izango dute etxetik edo lantokitik. Azken finean, zerbitzu ona eman nahi dugu, erosketak merkatu tradizionalean, betiko postuetan, egiten jarraitzeko apustua egin dezaten bezeroek.

- Tabernak berritzeko lanak duela aste batzuk hasi ziren. Nola geratuko da galeria nagusia? Zer eskaintza gastronomiko izango du? Bi establezimendu berri izango ditugu merkatuan. Zuka hanburgesategia izango da bat; obrak amaitutakoan, galerian kokatuko da, eta karta handituko du, gosariak, izozki berriak eta jendeari asko gustatuko zaizkion berritasun gastronomikoak eskaintzeko. Bigarren establezimendua taberna bat izango da, pintxoak, eguneko platerak eta menua eskainiko dituena; lehen genuenaren oso antzekoa izango da.

- Nolakoa izango da San Martin Merkatu berria obren ondoren? Harrituko gaitu? Obra guztiek harritzen dute, eta, zalantzarik gabe, honek ere harritu egingo gaitu. Berritasun handiak eta aldaketa politak egongo dira, eta bezeroen gustukoak izatea eta ondo funtzionatzea espero dugu. Ez gara merkatu gastronomiko bat izango. Donostiako erdiguneko betiko merkatu tradizionala izaten jarraituko dugu, eta horri eutsiko diogu; hau da, gure baserritar, harakin eta arrain-saltzaileekin jarraituko dugu. Egongo da, bai, gastronomia eskainiko duen posturen bat, baina dastatzeak izango dira. Berritasun moduan, Abatza gazten postuak ardoak eskainiko ditu, merkatuan bertan dastatu ahal izateko. Eta Kenji Sushi Bar postuak bazkaltzeko eta afaltzeko aukera emango du. Maun Grill Bar postuak ere merkatuan jarraituko du, sasoiko produktuetan oinarritutako plater-eskaintza zainduarekin.

- Zer mezu bidali nahi diezu bezeroei? Obrei dagokienez, lasaitasun-mezu bat bidali nahi nieke, bai azken bezeroei (merkatura erosketak egitera datozenei), bai handizkariei. Badakigu obrak deserosoak direla beti, baina azken emaitzak merezi izango du, zalantzarik gabe. Ziur nago: 2024a urte bikaina izango da!

 

Banatu

Camembert au four avec de la confiture d’oignons Gehiago ikusi
La Gastro-receta de San Martín Huevos escalfados y trufa en tarrifa de yogur Gehiago ikusi