Interesdun pertsonaia

Jone Laspiur

Aktorea

“Jendeak euskal zineari konfiantza eskaini dio”

“1995ean jaio nintzen Donostian eta Intxaurrondon hezi naiz. Arte Ederrak Leioan ikasi ondoren, urtebete pasa nuen Buenos Airesen. Egun Madrilen bizi naiz antzerki fisikoa ikasten. Oso zine zalea naiz eta musika ere asko gozatzen dudan gauzetako bat da, bai eta estetikarekin zerikusia duen oro. Interpretazioa modu profesionalean duela bi urte iritsi zen nire bizitzara eta gaur presentzia handia du. Goya sarietarako izendatu naute aktore berri onenaren sailean Ane pelikulagatik eta oraindik ezin sinistuta nabil”.

Elkarrizketa: Estibalitz Ortega Arsuaga
Argazkia: Alex Iturralde

 

Lehenik eta behin, nola jaso duzu Ane pelikulan egindako lanagatik Goya sarirako nominazioa?

Klasetik atera nintzen emankizuna zuzenean jarraitu ahal izateko eta halaxe hartu nuen sorpresa, klasekideekin batera. Oso momentu esplosiboa izan zen, aurreko asteetako jakinmina, urduritasuna, emozioa eta harriduraren arteko nahasketa bat izan zen. Bertatik korrika atera nintzen Zine Akademiara eta oraindik ezin sinistuta nabil.

Akelarre zure lehenengo lana izan da eta sekulako oihartzuna lortu du ere. Nola kudeatzen ari zara arrakasta?

Arrakasta apur bat kanpotik bizi izan dut. Sareetan nabaritu dut adibidez, baina bizitza pertsonalari dagokionean ez zait ezer berezirik kudeatzea tokatu, eta hala izaten jarraitzea espero dut.

Badirudi euskal zinema sasoi onean dagoela.

Dudarik gabe, azken urteetan oso proposamen bereziak ikusi ditugu eta kanpotik ere nabaritu den zerbait dela esatera ausartuko nintzateke, jendeak beraz euskal zineari konfiantza eskaini dio, eta Espainiar estatuan adibidez bere lekua egin du nolabait. Beste batzuen artean Kutxidazu bidea Ixabel, Laurogei Egunean, Ander, Urte berri on: amona!, Amama, Loreak, Handia, Pikadero, Errementari… bezalako pelikulez gozatu ahal izateaz oso zorioneko sentitzen naiz eta puntu honetara iristeko beharrezkoak izan direla esango nuke.

Nondik datorkizu aktore izateko sena?

Txikitatik entzun dut etxean “teatrera” naizela, eta izan ere umetan jolas gustukoenetako bat etxeko trapuen artean mozorroak bilatu eta lagunekin antzerkia egitea zen, anuntzioak imitatzea ere oso gustuko nuen, ahotsak egitea…

Noiz egin zenuen taula gainean aritzeko urratsa?

Txikitan inoiz taularatu nintzen dantza edo musika emanaldiak zirela eta, baina lehen taularatze nagusia Koban taldean korista moduan ibili nintzenekoa dela esango nuke. Horren harira iritsi zen nolabait Akelarre niretzat. Musika edo dantzarekin zerikusia zuten neska gazteen bila zebiltzan eta horrek bultzatu ninduen bertan parte hartzera.

Zer asmo duzu datozen hilabete eta urteetarako?

Hiru proiektu berri ditut datozen hilabeteetan eta oso gustuko ditut egokitu zaizkidan pertsonaiak, beraz oso gogotsu nago lanean hasteko. Epe luzera ez dakit gauzak nola joango diren, baina oraingoz helburua antzerkia ikasten jarraitzea da, Artea alde batera utzi gabe.

Nola bizitzen ari zara aro pandemiko hau?

Inpotentzia handiarekin eta frustrazio apur batekin… Osasun krisiaz gain, arlo pertsonalean nola eragin digun oso gogorra iruditzen zait, inguruko jendea ezin ikusi eta ukitu, informazioaren gestioa nolakoa izaten ari den, Covidaz gain dauden beste gatazken alboratzea, errepresioa… Benetan larria iruditzen zait bizitzen ari garena.

Zerbait ikasi duzu?

Etekinik (ala galerarik) atera al diozu egoera honi? Pertsonok dugun egokitze gaitasuna zenbaterainokoa den ikusi dut eta horrek beldur apur bat ematen dit, bizi dugun garai indibidualistarekin batera. Krisi honek gehiago ikusarazi dit beste pertsonekiko dugun beharra, saretzekoa, babestekoa, zaintzekoa…

Banatu