San Martin merkatua
Bordatxo II
Baserriko lasaitasunak topo egiten du merkatuko mugimendu handiarekin
Lourdes Zulaika jaio zen baserrian bizi da, Astigarragan, eta amarengandik eta amonarengandik jasotako lanbidean dihardu. Odolak lotutako hiru belaunaldi, eta gorputza eta arima eskatzen dizkion lanbidea.
“Dagoeneko hirugarren belaunaldia naiz merkatuan. Amona hasi zen aurrena, gero ama, eta orain nire txanda da. Hogei bat urte daramatzat astelehenetik larunbatera merkatura etortzen. Astigarragan jaio nintzen baserrian bizi naiz, eta nebak egiten du lan baratzean. Nik arratsaldez laguntzen diot. Goizero-goizero merkatura joaten naiz, eta lehen baino denbora gehiago eman behar izaten dut bertan. Garaiak aldatu egin dira, eta ohiturak ere bai. Lehen jendeak sasoiko eta tokiko barazkiak erosten zituen, ez baitzegoen beste aukerarik. Orain askok nahiago izaten dute supermerkatura joan. Halere, ongi gaude, ezin naiz kexatu. Merkatu zaharrean, babesa izan arren, hotz handia pasatzen genuen, eta orain ez. Baserriko gauzarik onena: bizi dugun lasaitasuna. Merkatuko giroa eta mugimendu bizia oso polita da, baina ordu batzuk emateko soilik. Ez dut imajinatzen neure burua hirian bizi izaten”.
Harremana
- 943 551 698
Ordutegia
- de lunes a sábado (8:00 - 14:00)
Banatu
San Martin merkatua
Bordatxo I
Ekoizpen integratuaren aldeko apustua egiten dugu
Maria Luisak urte luzez mantendu zuen postua hartu du Josunek, hark erretiroa hartu eta gero. Josunek eta Manuk, Maria Luisaren semeak, Astigarragako Bordatxo I baserrian lanean jarraitzen dute, ingurumena zaintzearekin eta kontserbatzearekin bateragarria den ekoizpen integratua tarteko.
"Urte asko daramatzat baratzean lanean, baina ama erretiratu ondoren, Josune joaten da egunero merkatura geure produktuak saltzera. Saltzen dugun guztia gurean ekoitzita dago, dela baratzean, dela berotegian. Ekoizpen integratuaren aldeko apustua egin dugu, gure laborantza ingurunearekiko errespetuarekin eta kontserbazioarekin bateratzeko. Asmo hori burutzeko, duela hamar urtetik hona zerbitzu tekniko bat etortzen zaigu aldian behin etxera, izurriteak eta ongarriak kontrolatzera. Urte asko eman ditut jardun honetan eta ohiturak aldatu egin dira; barazki batzuek behera egin dute, hala nola borrajak, zerbak eta azak, eta beste batzuek, aldiz, gora, hala nola lekak, tomateak eta letxugak. Ni, dena dela, baikorra naiz. Ekoizle txikientzako gakoa salmenta zuzena dela uste dut".
Harremana
- 650 203 900
Ordutegia
- de lunes a sábado (8:00 - 14:00)
Banatu
San Martin merkatua
Aitzalde
Dagoeneko bosgarren belaunaldia naiz merkatuan
Baserriari tinko lotutako familia bateko bosgarren belaunaldia da Jose Mari Garin. Ignacia Urreaga bere amaren lanbideari eusten dio, San Martin merkatuan hirurogeita hiru urte lanean eman ondoren erretiratu baitzen
"Izugarri gustatzen zait baserriko lana eta egunero merkatura etorri ahal izatea. Lanbideari lotu-lotuta dagoen familia batekoa naiz, dagoeneko bosgarren belaunaldia. Ama gaixotu zitzaionean,14 urte zituela hasi zen gure ama Ignacia merkatuan lanean, eta duela hiru urte erretiratu zen. Hirurogeita hiru urtean etorri izan da! Bera ni baino pesimistagoa da lanbide honi dagokionez. Dena pikutara joan dela dio. Lehen batez ere esnea saltzen genuen, eta orain ezer ez. Bezeroak gure etxeko barazkiak erostera etortzen dira: batzuk aire zabalean lantzen ditugu eta beste batzuk berotegietan. Gure amak ez zuen nahi ni honetan aritzerik, baina niri gustatu egiten zait. Garai berrietara eta belaunaldi berrietara egokitu beharra dago".
Harremana
- 943 556 789
Ordutegia
- de lunes a sábado (8:00 - 14:00)
Banatu
San Martin merkatua
San Martín Kioskoa
Prentsaz eta aldizkariez gain, haurrentzako eskaintza handia ere badugu
Askatasunaren hiribidetik San Martin merkatura etorri izanak pozteko arrazoiak baizik ez dizkie eman. Yolandak eta bere senarrak espazio gehiago eskuratu dute, erakustoki zabalagoa dute argitalpenetarako, eta dagoeneko ez dute zaparradetatik babestu behar.
"Ezin pozago gaude kokaleku berriarekin. Lehen Askatasunaren hiribidean geneukan kioskoa eta, ekaitza zegoen bakoitzean, dena jaso behar genuen eta ez zen inortxo pasatzen. Orain, euria denean, hau jendez gainezka egoten da. Hamabost urte daramatzat prentsa saltzen, baina amonak jarri zuen abian negozioa. Ondoren osabak hartu zion lekukoa eta, bera hil zenean, senarrak eta biok hartu genuen kioskoaren ardura. Prentsa ez ezik, astekari eta hilabetekari barietate handia ere saltzen dugu. Haurrentzako eskaintza ere handituz joan gara eta beraientzako kromoak, bildumak eta argitalpenak eskaintzen ditugu orain, tira handia dute eta. Saltzen ditugun argitalpen asko dagoeneko formatu digitalean daude, baina paperak bezero leialak ditu eta ez diote inoiz egunkariak eta aldizkari espezializatuak erosteari utziko. Gainera, etenik gabeko ordutegia eskaintzen dugu, 06:00etatik 21:00etara".
Ordutegia
- laborales (7:00 - 21:00)
- festivos (7:00 - 14:00)
Banatu
San Martin merkatua
Fast And Clean
Era guztietako jantziak garbitzen eta konpontzen ditugu
Fast&Cleanen atzean hogei urtetik gorako eskarmentua duten profesionalak daude, eta beldurrik gabe utz diezazkiekezu jantziak, berriak balira bezala utz ditzaten.
“Jantziak garbitzeko azken teknikak erabiltzen aitzindariak gara, eta hutsik gabeko akabera ematen diegu, ingurumena ere zainduta. Hogei urteko eskarmentua dugun profesionalak gara, xehetasuna zainduz aritzen gara, eta jantzi bakoitza gurea balitz bezala zaintzen dugu. Bezeroek badakite konfiantza egin ahal digutela, jantziak garaiz eta berrien pare itzultzen baitizkiegu. Gainera, kokaleku aparta dugu, San Martin erdiguneko merkatuan, eta gure ordutegiari esker beharrizan guztietara egokitzen gara, 08:00etatik 20:00etara baikaude irekita”.
Harremana
- 943 430 554
Ordutegia
- de lunes a sábado (9:00 - 21:00)
Banatu
San Martin merkatua
Balantxa
Lan polita da, baina asko eman behar zaio
Emik Donostiako Alde Zaharreko jatetxe batean egin zuen lan, eta haurdun gelditu zenean seme-alabak zaindu zituen. Haren amaginarrebak, Cecilia Urretabizkaiak, aldakako arazoa izan zuenean, Emi izan zen San Martineko postuaz arduratzeko ordezko ezin hobea.
“Nire amaginarrebak, Cecilia Urretabizkaiak, urte asko eman zituen merkatu zaharreko postuan. Aldakan arazo bat sortu zitzaionean, ordea, lana utzi behar izan zuen eta nik hartu behar izan nuen beraren ordezkoa, nire senarra baratzeaz arduratzen zen bitartean. Dena oso bizkorra izan zen eta gauetik goizera igaro nintzen haurrak zaintzetik merkatuan barazkiak saltzera eta bezeroak adiskide bihurtzera. Bizkor ohitu nintzen, baina: urte asko eman nituen Donostiako Alde Zaharreko jatetxe batean lanean, eta banekien bezeroak nola tratatu. Etxeko produktuekin aritu gara beti, sasoiko produktuekin. Eta, halakorik ez dagoenean, berotegiko barazkiak ekartzen ditugu. Lan polita da, baina asko eman behar zaio. 24 ordu dira asteko egun guztietan. Gelditzen zaidan asti apurra familiarekin ematen dut; edota ibilian ibiltzen naiz edo nire herrira, Arbizura, joaten naiz, Nafarroan”.
Harremana
- 943 331 454
Ordutegia
- de lunes a sábado (8:00 - 14:00)
Banatu
San Martin merkatua
Altzueta
Barazkiak ongi moztu eta garbitzen ditugu
Irune Berakoetxea da merkatuko aurpegirik gazteenetako bat. 2010ean Dolores Murua amaginarrebaren lekukoa hartu zuen. Bezero askok oroitzen dute Dolores, sasoiko babarrun eta barazki gozoak direla eta. Hain zuzen, Irunek barazki horiexek ekartzen jarraitzen du Hernaniko baserritik.
“Doloresek erretiroa hartu zuenetik, astelehenetik larunbatera egunero etortzen naiz merkatura. Bera ere etortzen da noizbehinka laguntzera, baina gaur egun Jose Mari Goikoetxea senarrak eta biok lantzen dugu Hernaniko gure baserriko baratzea, eta geuk ateratzen dugu aurrera negozioa. Laugarren belaunaldia naiz postuan, eta babarrunak, tomatea eta ilarrak dira gure puntako produktuak. Sasoiko produktua lantzen dugu batez ere, baina berotegia ere badugu eta, horri esker, urte osoan barazki eskaintza zabalagoa eskain dezakegu. Belaunaldi berriek barazki guztiak moztuta eta garbi eskatzen dizkigute, eta guk prestatu egiten dizkiegu; izan ere, horrela era osasungarrian jaten dute, tokiko produktu freskoak tarteko”.
Aurkituko duzu ere
Intxaurrak eta sasoiko frutak.
Harremana
- 943 550 659
- 646 079 720
Ordutegia
- 8:00 - 14:00
Banatu
San Martin merkatua
Errekalde Baserria
Merkatuak giro ederra du
Mari Carmen Otegi emakume gozoa eta langilea da, ideiak argi dituena. Bost urtean bezero-zorro txukuna egin du, berak eta Santi Olaziregi senarrak Urnietako baserrian lantzen dituzten barazkiei esker.
“2011ko azaroan hartu genuen postua. Hasiera zaila izan zen, ez soilik hutsetik abiatzen ginelako: baita nire herabetasunagatik ere. Pixkanaka ikasten joan naiz eta gaur egun jendea ezagutzen dut; neure bezeroak ditut eta dena errazagoa da. Alabaina, asko saiatu behar izan dugu horretarako. Ia gure barazki guztiak Santi senarrak eta biok lantzen dugun baratzetik datoz. Leitzan (Nafarroa) jaio eta hazi baina Errekalde baserrira ezkondu nintzen. Sasoiko produktuak landatzen ditugu: tomate asko udan eta baita letxugak, patatak, eskarolak, zerbak, babarrunak… Nahiz eta oraindik baserriko lana nahiago, pozik etortzen naiz egunero merkatura; oso berria da eta giro xarmanta du. Inoiz ez nuen pentsatuko ingelesez konponduko nintzela atzerriko bezero batzuekin”.
Harremana
- 665 709 192
Ordutegia
- de lunes a sábado (8:00 - 14:00)
Banatu
San Martin merkatua
Miren arraindegia
Oso ondo prestatzen dugu arraina, eta bezeroak eskertu egiten du
Edurnek Miren amarekin ikasi zuen ofizioa; berak irakatsi zion produktu ona eta aurkezpen egokia lehenesten. Bezeroek zerbitzu pertsonalizatu hori baloratzen dute, eta ez dute ilaran egoteko arazorik, itsasoko onena etxera eramateko bada.
"Negozio honetako bigarren belaunaldia naiz. Ama San Martin azokako arrandegi batean hasi zen lanean, enplegatu gisa. Jabeek erretiroa hartu zutenean berak hartu zuen postua, eta bere izena eman zion. Nik neuk 23 urte daramatzat hemen lanean. Beti produktu ona edukitzen eta arraina ongi garbitzen ahalegintzen naiz. Bezeroak asko baloratzen du hori. Sasoiko produktuekin lan egiten dut, eta asko zaintzen dugu bezeroen arreta. Oso ordutegi ona dugu; nahiz eta goizean goiz altxatu behar, ez dut kexatzeko arrazoirik. Arrainaren kontsumoan aldaketa handia ikusi dut. Orain legatza, oilarra eta antxoa eskatzen dizkidate. Arrain urdinaren salmentak, ordea, behera egin du, ia ez dut itsas potxurik saltzen… Jendeak errazena nahi du; eta, batez ere, hezurrik gabeko arraina".
Harremana
- 943 42 46 19
Ordutegia
- de martes a sábado (8:00 - 14:00)
Banatu
San Martin merkatua
Garrido San Martín
Arraina zuzenean arrantzontzian erosten dut, bitartekaririk gabe
Dagoeneko hiru belaunaldi igaro dira beti bezeroz gainezka egoten den arrandegi honetatik. Gakoa? Egunero-egunero goiz jaikitzea, goizaldeko 05:30ean Pasaiako portuan egoteko, sasoiko arrain freskoa eskuratzeko borrokan.
"Ana emazteagatik hasi nintzen lanbide honetan”, dio Victorrek, Sheila alaba ondoan duela ―hirugarren belaunaldia da bera―. "Arrandegia ireki zuen amarekin lan egiten zuen Anak, eta neu ere sartu nintzen taldean. Pasaiara zuzenean arrantzontzietan erostera joaten den gutxietako bat naiz ni eta, bitartekaririk ez dudanez, prezio onean saltzeko aukera dut. Horren goiz esnatzea alboratuta, portura joatea da gehien gustatzen zaidana. Izugarri gustatzen zait ontziak arraina deskargatzen ikustea… Prezioagatik borrokan ibiltzea da gogorrena. Geroz eta gehiago dira kantitate handiak erosten dituzten esportatzaileak, eta argi ibili behar duzu. Guztiontzako arraina dago, baina nik ezin dut garesti erosi, prezioak igo beharko nituzkeelako. Barietate handia ekartzen ahalegintzen naiz, beti sasoiko arraina, eguneroko beharretarako. Beti esan dugu merkatua dela gure negoziorako tokirik onena".
Harremana
- 943 42 33 19
Ordutegia
- de martes a sábado (8:00 - 14:00)